Zer da ikusmena?
Ikusmena “begien” bidez ikusten dugunaren inguruko informazioa ezagutzeko, interpretatzeko eta ulertzeko gaitasuna da.
Ikusmena % 100eko ikusmen–zorroztasuna edukitzea baino askoz gehiago da; hainbat trebetasun dira, jaiotzen garenetik pixkanaka garatzen direnak eta inguratzen gaituen mundua ulertzen laguntzen digutenak.
Ikusmenaren garapena burutu dadin, gure bizitzako 8-12 urte bitartean beharko ditugu. Ikusmen gaitasunen artean, alde batetik ikusmen eraginkortasun trebetasunak ditugu, gure begiek ikusmen informazioa era egokian jaso eta garuneko gune dezberdinetara bialtzeko beharrezkoak eta bestetik pertsepzio trebetasunak, gure garunak informazio hau aztertu eta erlazionatzeko beharrezko diren trebetasunak dira.
Ikusmen-trebetasun horiek ondoko hauek dira:
– Begi-higikortasuna: mugitzen ari diren objektuei leunki eta zehaztasunez jarraitzeko (jarraipenak), finkapena espazioko puntu batetik bestera aldatzeko (sakadikoak) eta ikusmen-arreta objektu horren gainean mantentzeko (finkapena) gaitasuna da. Hori guztia nahitaezkoa da irakurtzeko edo kirola egiteko, besteak beste.
– Moldaera: fokuratzea urrunetik hurbilera eta alderantziz uneko lausotasunik gabe aldatzeko, eta hurbileko fokuratzeari denbora-tarte jakin batez erosotasunez eusteko gaitasuna da.
– Ikusmen binokularra: bi begiak aldi berean erabiltzeko gaitasuna da, begi bakoitzak eskuraturiko irudiak maila mentalean batuta.
– Estereopsia: erliebean ikusteko gaitasuna da; horren bidez, sakonera hauteman daiteke, hiru dimentsioko ikusmena izan, eta objektuen arteko distantzia zenbatetsi.
Bi begiekin aldi berean lan eginez gero baino ezin da lortu hori.
– Ikusmen periferikoa: egiten ari garen ikusmen–lan nagusiaren inguruan dagoen hura prozesatzeko eta interpretatzeko aukera ematen digu.
Pertzepziozko trebetasunak ondoko hauek dira:
Trebetasun bisuoespazialak:
- Lateralitatea: gure gorputzean eskuinaz eta ezkerraz jabetzea da.
- Norabidetasuna: eskuina eta ezkerra kanpo-espaziora proiektatzeko gaitasuna.
- Alde bien integrazioa: gorputzeko alde biak bereiz edo aldi berean erabiltzeko gaitasuna.
Integrazio–trebetasunak:
- Integrazio bisuomotorra: ikusmena gorputzaren motrizitate orokorrarekin eta eskuaren motrizitate finarekin koordinatzeko gaitasuna, zeina nahitaezkoa baita kirola egiteko eta zuzen idazteko.
- Integrazio bisuoauditiboa: ikusmen–estimuluak entzumen-estimuluekin lotzeko gaitasuna.
Forma–azterketa:
- Diskriminazio bisuala: objektuen bereizgarriak hautemateko eta objektu bat antzeko beste batzuen artean bereizteko gaitasuna.
- Oroimen bisuala: ikusmen bidez aurkeztutako informazioa ezagutzeko eta gogoratzeko gaitasuna.
- Formen ziurtasun bisuala: forma bat ezagutzeko gaitasuna, haren neurria, orientazioa eta kolorea edozein direla ere.
- Irudia — atzealdea: irudi bat bere atzealdetik bereizteko gaitasuna.
- Ixte bisuala: azken pertzepziora iristeko ikusizko estimuluaren gakoak ezagutzeko gaitasuna, xehetasun guztiak izan ez arren.
Ikusten ikasi
Ikusmena ez daukagu jaiotzetik; ikasi egiten da, eta, ikasketetarako, kirola egiteko eta eguneroko bizitzako beste eginkizun asko egiteko beharrezko tresnak eskuratu ahal izateko, nahitaezkoa da jaiotzetik eta eskolaurreko adinean garatuz doazen trebetasun horiek eraginkortasunez funtzionatzea.
Kontuan hartuta jasotzen dugun informazioaren % 80 ikusmen bidezkoa dela, ikusmen–trebetasun horien edozein arazo edo interferentziak nabarmen eragin diezaioke haur baten ikaskuntzari, bai eta kirol-trebetasunei ere, besteak beste.
Horregatik, jokabide-optometrista batek ebaluazio osoa egitea gomendatzen dugu, balizko arazoei aurrea hartzeko edo arazo horiek hautemateko eta konpontzeko.