KEINU OPTOMETRIA ZENTRUA

Optometria

Zer da optometria?

Ikusmen-sistemako arazoak aztertzen, prebenitzen, hautematen eta tratatzen dituen zientzia da optometria.

Optometrista arazo horiek aztertzeaz eta tratatzeaz eta beste zentzumen-sistemekin erlazionatzeaz arduratzen den profesionala da.

Arestian esan bezala, ikusmena % 100eko ikusmen-zorroztasuna izatea baino askoz gehiago da, eta jasotzen dugun informazioaren % 80 ikusmen bidezkoa da.

Horregatik guztiagatik, ikusmenak ikaskuntzan duen garrantzia aintzat hartuta, edozein ikusmen-arazok eragin izugarria izango du haurraren ikaskuntzan, eta kalte egingo dio haren eskola-errendimenduari.

Ikusmen-arazo hauek izan ditzakegu:

Errefrakzio-arazoak:

Miopia:
urrunetik gaizki ikustea eragiten duen errefrakziozko egoera. Tratamendurik onena prebentzioa da, agertzen denean oso zaila baita kontrolatzea.
Hipermetropia:
urrunetik ondo ikusteko moldaera-ahalegin handia egitea eskatzen duen errefrakziozko akatsa, hurbiletik argi eta ahaleginik gabe ikustea zailtzen duena.
Astigmatismoa:
urrunetik eta hurbiletik ikusmen lausoa eragiten duen errefrakziozko akatsa, korneako kurbatura desberdina izatearen ondoriozkoa.
Presbizia:
hurbiletik gaizki ikustea eragiten duen errefrakziozko akatsa, 40 urtetik aurrera agertzen dena.

Begiko trebetasun motorren arazoak:

Hiru motatako begi-mugimendu motorrak daude:finkapena, finkapen bisuala objektu batean mantentzeko gaitasuna; sakadikoak, finkapena puntu batetik bestera aldatzea ahalbidetzen dutenak; eta jarraipenak, finkapena mugitzen ari den objektu batean mantentzeko aukera ematen dutenak.

Mugimendu horiek, ondo integratuta, ezinbestekoak dira irakurtzeko orduan finkapena hitz batetik bestera edo lerro batetik bestera aldatzeko, begirada liburutik arbelera eramateko edo objektu bati jarraitzea eskatzen duten kirolak egiteko.

Begi-mugimenduen kontrolaren asalduak zeinu eta sintoma batzuk eragiten ditu, hala nola irakurtzeko zailtasunak (irakurketa motela, silabak, hitzak eta lerroak esan gabe uztea eta ulermen urria, besteak beste), arbeletik kopiatzeko zailtasunak eta kirol-jarduerak egiteko zailtasunak. Oso ohikoa da ikasteko arazoak dituzten umeetan begiko trebetasun motorren arazoak aurkitzea.

Moldaera-arazoak:

Objektuak edozein distantziatara eroso eta automatikoki fokuratzeko gaitasuna da moldaera. Fokuratzea urrunetik hurbilera eta alderantziz aldatzeko eta ikusmen-ataza bat (adibidez, irakurri) egiten ari garen bitartean hurbileko fokuratzea eroso mantentzeko aukera ematen digu horrek.

Moldaera-zailtasunak daudenean, hauek izaten dira sintomak, besteak beste: urruneko eta hurbileko ikusmen lausoa, hurbileko eginkizunei lotutako ikusmen-nekea eta -akidura, kontzentraziorik eza, irakurtzeko arazoak eta buruko mina.

Arazo binokular ez-estrabikoak:

Bi begiek eta haien inguruko muskuluek koordinazio- eta zehaztasun-maila handiarekin lan egiteko —bi begiek bakarra emateko moduan— diseinatuta dago ikusmen-sistema. Sistema hori hertsiki lotuta dago kontrol okulomotorrarekin eta fokuratzeko gaitasunarekin.

Koordinazio binokularrari eragiten dioten arazoak daudenean, disfuntzio binokular deitzen zaio, eta hauek izaten dira sintomak, besteak beste: buruko mina, ikusmen nekea, ikusmen bikoitza edo hori ekiditeko begi bat estali beharra, irakurritakoa ondo ez ulertzea..

Anbliopia edo begi alferra:

Anbliopia deitzen zaio inolako patologiarik gabe eta zuzentasun optikorik onena izanda ere begi batean edo bietan % 100eko ikusmen-zorroztasuna ez izateari. Baina begi anbliopeak, ikusmen-zorroztasunean ez ezik, gainerako ikusmen-trebetasunetan ere izaten ditu arazoak: begi-higikortasunean, moldaeran, ikusmen-binokularrean, ikusmen-oroimenean eta begi-esku koordinazioan, besteak beste.

Anbliopiaren arrazoiak hainbat izan daitezke; besteak beste, hauek: estrabismoa, anisometropia (graduazio-desberdintasuna bi begien artean), konpentsatu gabeko edo gaizki zuzendutako errefrakziozko akatsak eta begiko patologiak.

Kasu horietan, begi baten ikusmen-kalitatea bestearena baino handiagoa da, eta horrek zaildu egiten duenez bi begiek batera lan egitea, erosoago lan egiteko, garunak begi anbliopearen ikusmena ezabatu (baliogabetu) egiten du.

Estrabismoa:

Ikusmen binokularrari eragiten dion arazoa da, non begietako bat edo biak txandaka desbideratuta dauden. Estrabismoak hiru motatakoak izan daitezke:

  • Horizontala: barrurantz (endotropia) edo kanporantz (exotropia)
  • Bertikala: beherantz (hipotropia) edo gorantz (hipertropia)
  • Ziklotropia: desbideratze horizontalaren eta bertikalaren konbinazioa

Gainera, izan daiteke alde bakarrekoa —eta beti begi bera okertzea, edo txandakakoa izan, eta aldi bakoitzean begi bat okertzea—, etengabea, denbora guztian okertzen bada, edo aldizkakoa, ez bada beti okertzen (horiek dira sintoma gehien eragiten dituztenak).

Kasu horietan, begi bat desbideratuta, ikusmen bikoitza sortuko da, eta, hori ekiditeko, garunak desbideraturiko begiaren ikusmena ezabatu ohi du; ondorioz, kasu askotan anbliopia edo begi alferra eragiten du. Hori gertatzen denean, ikusmen-terapia aukera ona da; izan ere, garunari bi begiak lerrokatzen eta batera erabiltzen irakastean datza terapia hori, ikusmen-sistemak egoki funtziona dezan.

Ikaskuntza-arazoak:

Ikusmen-arazo batekin topo egiten dugunean, ikusmen-eraginkortasunari dagokiona edo ikusizko informazioa prozesatzeari dagokiona kasurako, zailtasunak aurkitu ditzakegu irakurtzeko, idazteko, arbeletik kopiatzeko, arreta eta kontzentrazio g...

Horrek haurraren eskola-errendimenduak behera egitea eragiten du, eta, sarritan, ikaskuntza-urritasunen baten diagnostiko okerra izan dezake (dislexia, arreta-defizita...), sintomatologia orokorra antzekoa baita.

Eskola-zailtasunak dauden kasu horietan, komenigarria litzateke jokabide-optometrista batengana jotzea azterketa optometriko osoa egiteko, ikaskuntza zailtzen ari den ikusmen-arazorik ez dagoela egiaztatzeko eta, egongo balitz, tratamendu egokia jartzeko. .

Telefono
94 622 50 99
Fax:
94 622 50 99
email
keinu.o.z@hotmail.com
/ lege oharra /
Kalea
Arkaraz, 3
Kode Postala
48240
Herria
BERRIZ
Herrialdea
(BIZKAIA)